Nekazaritza
zen Egiptoarren bizibide nagusia. Zerealak ereiten zituzten batez ere (garia,
garagarra, oloa eta artatxikia), eta ogia eta garagardoa egiten zituzten
horiekin, horiexek baitziren beren elikagai nagusiak; lihoa ere lantzen zuten,
eta jantziak egiten zituzten, landare horretaz. Baratzetan, lekariak eta
barazkiak (dilistak, babarrunak, tipulak, baratxuriak, porruak, uhazak...),
mahatsondoak eta fruta-arbolak landatzen zituzten (datilak, pikuak, granadak,
algarroboak...). Nilo ibaiaren ertzean hazten zen landare bat, papiroa,
erabiltzen zuten paper moduko bat egin, eta bertan idazteko, baita lokarriak,
otarrak, alfonbrak, sareak eta itsasontziak egiteko ere.
Abeltzaintzan,
artzain lanak egiteaz gain, etxaldeetan animaliak hazten eta zaintzen zituzten.
Ahuntzak, ardiak, txerriak, ahateak, antzarak eta kurriloak hazten zituzten,
eta hainbat zereginetarako, astoen eta behien indarraz baliatzen ziren. Askoz
beranduago hasi ziren zaldiak eta gameluak erabiltzen.
Ehizean
ere egiten zuten, ibaiertzean (hipopotamoak, hegaztiak) eta basamortuan
(ostrukak, antilopeak, erbiak, basa-astoak...), eta amuak, sareak eta arpoiak
erabiltzen zituzten arrantzarako.
Artisau onak ere bazeuden: harginak,
meatzariak, eskultoreak, margolariak, zurratzaileak, urreginak, igeltseroak,
arotzak, armaginak... Horien lanek kalitate handia izan arren, Egiptoko
gizartean ez ziren beste langile batzuen pareko hartzen.
Herrialdeak behar zuena ekoizten zuenez, ez zuen beste
herrialde batzuekin merkataritza-harreman handiegirik izan. Luxuzko gauzak eta
produktuak (zedroa, olioak, lurrinak, intsentsua,
zilarra, bolia...), beste lurralde batzuetara egiten ziren bidaietan lortzen
zituzten. Horrelako bidaiak, gobernariek eta apaizek antolatzen zituzten eta
eskuratu nahi zituzten produktuen truke, papiroa, oihalak, eta arrain lehortua
eskaintzen zituzten. Monumentuak eta jauregiak egiteko behar zuten harria,
urrea, kobrea, eta antzeko metal eta produktuak, basamortu inguruetatik lortzen
zituzten. Barne-merkataritza, batez ere Nilo ibaian nabigatzen zuten
itsasontzien bidez, egiten zen.
Etxe
guztiak buztin eta lastozko pezoz egiten ziren, eta altzariak oso xumeak ziren.
Herriak ibaiaren ondoan osatzen ziren, baina goialdeko lurretan, uhaldiak
saihesteko. Etxeek bi edo hiru solairu zituzten eta tenpluen edo administrazio-etxeen
inguruan kokatzen ziren. Etorbide handiak izan ezik, gainerako kale guztiak
nahiko estuak ziren, eta zolatu gabe zeuden. Garai batean, herriaren inguruan
harresiak eraiki ziren. Harresiez inguratutako herri txikiak ere bazeuden.
Lihozko
jantzi xumeak erabiltzen zituzten, kolore zurikoak gehienak. Gizonezkoek gona
motzak janzten zituzten, eta hotza egiten zuenean, tunika janzten zuten.
Emakumeek alkandora luze moduko bat erabiltzen zuten, eta orkatilaraino iristen
zitzaien. Beroa zela eta, askotan langileak, emakumeak eta umeak biluzik
ibiltzen ziren. Oinutsik ibiltzen ziren, baina batzuetan, sandaliak ere janzten
zituzten, papirozkoak pobreenek, eta larruzkoak aberatsek eta apaizek.
Garbi
eta txukun ibiltzeari garrantzi handia ematen zioten: olioz igurzten zuten
gorputza, begiak margotzen zituzten eta lurrinak ere erabiltzen zituzten. Ilea
ez zuten gogoko eta, horregatik, buruko eta gorputz osoko ilea erabat mozten
zuten. Bitxiak eta gorputza apaintzeko, apaingarriak erabiltzen zituzten, hala
nola, gerrikoak, eskumuturrekoak, belarritakoak...
Elikagai
nagusiak ogia eta garagardoa ziren, baina baita lekaleak, frutak, berdurak,
txerri, ardi eta idi haragia, eta arraina ere. Era askotako pastelak egiten
zituzten, eta eztia eta datilak erabiliz, gozatzen zituzten. Aberatsek,
gainera, ardoa edaten zuten eta ehizatutako harrapakinen haragia jaten zuten.
Jai handiak egiten zituzten, eta hegaztiak
harrapatzeko, Nilo ibaian itsasontzietan txangoak eginez, taula-jokoetan
jolastuz, istoriak irakurriz eta entzunez, edota kirolen bat eginez,
(xabalina-jaurtiketa, igeriketa, arku-tiroa, edo borroka adibidez), pasatzen
zuten aisialdia. Musika entzutea gustatzen zitzaien; otoruntzetan, adibidez,
arpaz, lautez edo haize-instrumentuz lagunduta kantatzen zuten musikariek, eta
baserritarrek eta arrantzaleek abestiak sortzen zituzten.

No hay comentarios:
Publicar un comentario