Greziako
biztanle gehienen bizibidea nekazaritza zen.
Zerealak, mahatsondoak, olibondoak,
barazkiak, lekaleak eta fruta-arbolak landatzen
zituzten, batez ere. Horretaz gain, txerriak, ahuntzak, ardiak,
behiak eta zaldiak hazten zituzten. Nekazaritzako
teknikak oso oinarrizkoak ziren, eta gainera, lurraren kalitatea eskasa zen,
beraz, lana ez zen oso errentagarria. Estatuak olibondoak
lantzea sustatzen zuen, lortzen zen olio-soberakina,
biztanle guztiak elikatzeko beharrezkoa zen ale kopuruaz truka baitzitekeen.
Nekazariek eta artisauek atez ate, lantegietan edota agoran, hau da,
herriko plazan, saltzen zituzten beren produktuak,
eta bertara jotzen zuten zerbitzuak eskaini nahi zituzten langileek ere. Hala
ere, merkatari nagusiak herrietako portuetan egoten ziren, bertako
itsasontzietan inportazioko eta esportazioko produktuekin
lan egiten baitzen. Gariaz gain, haragi eta arrain gazituak,
zura, papiroak eta beste hainbat produktu inportatzen ziren. Portuetan diru-trukatzaileak
aritzen ziren ere, eta merkatariei interesen truke dirua
maileguz ematen zietenak ere baziren.
Atenasko etxe gehienak nahiko pobreak eta xumeak
ziren: egurrez eta pezoz egindakoak
eta solairu bakar bat eta bizpahiru gela txiki izaten zituzten. Ez zuten sukalderik eta altzariak, ere urriak ziren.
Greziarrek garbitasunari garrantzi handia ematen zioten. Txikitan ikasten zuten igerian eta
esklaboek zaindutako iturri eta bainu publikoetan
bainatzen ziren, edota etxeko bainuontzi edo lurrezko edo metazko ontzi
txikiagoetan. Ilea ondo zaintzen zuten eta emakumeek
kosmetikoak erabiltzen zituzten makilatzeko; lurrinak erabili eta bitxiak ere
janzten zituzten.
Jantziak artilez edo lihoz
egiten ziren. Oihalezko piezak ziren, joskerarik gabeak eta izurrak osatzen
erori egiten zirenak. Gizonezkoek tunika janzten zuten, eta honen gainetik
mantua. Emakumeek oihal zatiak erabiltzen zituzten, eta gorputzari lotzeko
orratzak eta gerrikoak erabiltzen zituzten; osagarri modura,
mantuak, zapiak, kapelak eta beste hainbat apaingarri erabiltzen zituzten:
belarritakoak, diademak,
besokoak. Larruzko, zurezko edo sokazko zola zuten
oinetakoak erabiltzen zituzten (sandaliak eta baita
oinetako itxiagoak ere)
Antzinako Grezian, ez zeuden
era askotako elikagaiak eta gehiegikeriaz ez jaten ahalegintzen ziren.
Gari-irinezko ogia, garagarrez egindako opilak,
babak, dilistak, olibak, pikuak, kipulak,
baratxuriak… jaten ziren. Gehien jaten zuten fruta mahatsa zen, bai mahats
freskoa, bai mahaspasak ere. Proteinak, gazta eta arrainak (sardinak, antxoak, atuna, txibiak…) janez lortzen zituzten,
eta haragia, jaiegunetan jaten zuten. Haragi eta arrain gazituak
eta ketuak
ere jaten zituzten. Gozogintza oso gogoko zuten eta esnea, ezti-ura
eta ardoa urarekin nahastuta edaten
zituzten. Gizonezkoak sinposio izeneko bazkarietan biltzen
ziren, eta musikaz eta dantzaz girotutako hizketaldiak egiten zituzten holakoetan.
Grezian, lan fisikoa ez zegoen ondo ikusita, gauza bera gertatzen zen diru
truke egiten ziren lanekin. Maila oneko herritarrek nahiago zuten beren
polisaren gobernuan parte hartu, soldadutza egin, edo aisialdian denbora pasa, eta beren
jabetzak administratu. Aisialdian,
kirola eta solasaldiak egiteaz gain, oso gustukoak
zituzten ehiza eta arrantza, dadoekin
jolastea, antzerkiak ikustea, animalien arteko borrokak, edota
kirol lehiaketak. Nekazariak eta artisauak, aldiz,
lanean aritzen ziren egun osoz, eta noizean behin, jaiegunetan, atseden hartzen zuten. Esklaboei dagokienez,
nekazarien eta artisauen antzeko bizimodua zuten,
beren nagusiaren borondatearen menpe bazeuden ere. Baina meategietan eta harrobietan lan egiten
zutenen bizi-baldintzak, oso gogorrak ziren eta, ondorioz, oso gazterik hiltzen ziren.


No hay comentarios:
Publicar un comentario